Scroll to top

Iñaki Mendizabal. Irudia poesia bihurtzeko ahaleginean

Blackkamera Argazkigintza Dokumentaleko Eskolak Iñaki Mendizabali egindako elkarrizketa

David Tijero Osorio, Blackkamerako kolaboratzailea.

Iñaki Mendizabal (autorretrato)

©Iñaki Mendizabal / Autorretrato

Iñaki Mendizabal kazetariak BOX argazki liburua argitaratu berri du, boxeoan aurkituriko girotik abiatuta, oso proiektu pertsonala, irudi indartsuez osatutakoa. Berarekin liburu honi buruz hitz egin dugu, poesia irudien bidez sortzeko dagoen zailtasunaz hausnarketa eginez.

Noiz erabaki zenuen irudia izango zela zeure burua adierazteko erabiliko zenuen tresna?

Modu naturalean etorri zen. Azkenean bazara egiten duzuna eta azkeneko hogeita bost urtetan egin izan dudanak argazkilaritzarekin zerikusia eduki du. Argazkiak egin ditut baina ez modu kontzientean, erreminta izan da nire kazetaritza lanerako, testuaren laguntzailea, harik eta argazkilaritza adierazteko beste modu bat zela konturatu nintzen arte. Orain dela sei-zazpi urte gertatu zen hori, aktibatu egin nintzen. Hasi nintzen gure gimnasioan laguntzen, argazkiak egiten eta Interneten argitaratzen. Eta konturatu nintzen gauzak beste modu batera erretratatu nahi nituela, gauza konkretu batzuk interesatzen zitzaizkidanez. Begirada zorroztu nuen, eta egiten nuenari buruz hausnartzen hasi nintzen, eta horretan ibili izan naiz azken urte hauetan. Hortik atera da BOX, beste gauza batzuk egiten nituen bitartean.

Boxeoaren mundua ezagutzen duzu. Uste al duzu proiektu hau aurrera eramateko errazagoa ala zailagoa izan dela kirol honen xehetasunak ezagutzeagatik?

Alde biak ditu. Nik erretratatzen dut bizi dudana eta bizi dut erretratatzen dudana eta hori niretzako zoragarria da. Ez duzu esfortzu berezirik egin behar zure ardurak adierazteko argazkien bidez: kamara zure kontzientziaren prolongazio moduko bat da. Nigandik arrotza den gauzarik ez dut egin orain arte. Ona da ezagutzen duzulako erretratatu nahi duzuna eta txarra ere bai aurreiritzi asko duzulako argazkia egiterakoan. Niretzat aurreiritzi horiek kentzeko prozesua bikoitza izan da, boxeoa barrutik ezagutzen dudalako eta kazetariaren ikuspegia ere baztertu behar izan dudalako. Kazetari baten argazkiak dena esaten du eta nik argazkiekin beste gauza bat egin nahi nuen. Hau bezalako sorkuntza lan baterako nahiago dut gutxi edo batere esaten ez duten argazkiak. Abantaila zein den boxeoaren mundua ezagutzean? Badakizula non dagoen zauria, zeintzuk diren boxeolarien buruko minak, gimnasioan non gertatzen den zer, eta ringean berdin. Borroka ez zait interesatzen, ertza baizik, han ikus dezakezulako boxeolariaren nekea, beldurra, mina… borrokan daudenean dena mekanikoagoa da, ondo edo txarto egiten dute, baina boxeolari gazte hauek borrokatzeko prest daude, ez hainbeste, aldiz, bizitzarako. Horrek arduratzen nau gehiago, boxeolarien beldur eta mamu horiek, neurri batean guztionak direnak.


“Nik erretratatzen dut bizi dudana eta bizi dut erretratatzen dudana eta hori niretzako zoragarria da.”


Liburu honen argazkiak lasaiago behatu ondoren esan liteke boxeoaren lan dokumentala baino askoz gehiago dela BOX. Baliabidea izan da boxeoa zerbait sakonago, sentimenduekin loturik dagoena azaltzeko?

BOXek ez du boxeoa dokumentatzen. Boxeoa baliabidea izan da, eszenatokia, non interesatzen zaizkidan gauzak gertatzen diren. Boxeoan badago ikasgai oso-oso inportantea, bizitzarekin estu-estu lotuta dagoena, eta da jauzi eta altxatu egiten zarela etengabe. Bizitzan bezala, jauzi eta altxatu, eta ez bazara altxatzen, akabo. Nik kirol asko praktikatu dut eta boxeoa aukeratu dut boxeoak beste kirol batzuetan aurkitzen ez den estetika daukalako eta gure inkontzientean badauka leku bat irabazita, tragediarena eta tentsionarena. Elkarren aurrean daude bi pertsona, elkar zapuzteko prest, eta hortik gora edozer gerta daiteke. Gauza biziagorik bai?

Lanaren estetikari dagokionez, azalduko diguzu pixka bat aukeraturiko ezaugarrien zergatia? Erretratuak protagonistatik oso hurbil, iluntasuna, esposizio luzeak, zuri beltza? Zure estiloaren ezaugarriak direla esan liteke ala lan honetarako aukeraturikoak izan dira?

Asko irakurri eta asko ikusi dut eta hor egongo da oinarria, eta bizi izandako esperientzietan ere bai, baina lan hau egitean ez dut inor buruan izan. Kontzientziaren emozioari utzi behar zaio bere lana egiten, intuizio tanta bat erantsiz, eta intuizio hitza latineko intuitiotik dator, hau da, barrura begiratzea esan nahi du. Hori egin behar dela uste dut. Batzuek esan didate beste argazkilarien eragina ikusten dutela, baina ez dakit. Nik amesten ditudan irudiak argazki bihurtu nahi ditut eta liburuan gehien gustatzen zaizkidan argazkiak dira boxeoaren erreferentziarik ez dutenak, inongo erreferentziarik ez dutenak. Irakurle-ikuslea aktibatzeko edo probokatzeko balio dezaketenak.


“Kontzientziaren emozioari utzi behar zaio bere lana egiten, intuizio tanta bat erantsiz.”


BOX liburuari buruz hitz egiten duzunean «porrot baten emaitza harrigarria» dela esaten duzu. Azalduko diguzu iritzi horren zergatia?

Bai, hala da. Batetik, ez dut porrotaren edo boxeoaren apologia egin nahi, baina jende askok boxeoaren nondik norakoak ikusten ditu liburuan. Gero, gustatuko litzaidake poesia egitea erretratuen bidez, baina ez dut lortu. Eta, beste alde batetik, oso momentu onak bizi izan ditut boxeoan, eta hori ere adierazi nahi nuen liburuan, baina gero Noctis-eko jendearekin edizioa egitean konturatzen nintzen irudi horiek ez zutela lekurik, ez zutela neurririk ematen. Porrota izan dela esaten dut neurri batean espero ez nuen bezala atera delako, baina asko ikasteko balio izan dit. Asmatzen badugu hobe, baina asmatzen ez dugunean, jakin dezagun porrota aprobetxatzen; eta ez baduzu ezer ikasten, behintzat gogorrago aterako zara. Esan behar dut Txelu Angoitiaren eta Jesus Mari Arruabarrenaren ekarpena oso aberasgarria izan dela. Asko lagundu didate.

Beldurra, urduritasuna, tentsioa, nekea, mina… argazki sorta hauetan izaki bizidun baten sentimendu asko deskribaturik daude. Zeintzuk izan ziren zure sentimenduak lan honetarako argazkiak egiterakoan?

Nik ulertzen dudan moduan, argazkilaritzak eskatzen du hausnarketa, barneratzea, berriro ikustea … zerbait iraultzailea da argazkilaritza, pixka bat kontrara joaten delako. Nik ez dut inolako presiorik izan hau egiterakoan, ez dit sentimendu jakin batek gidatu. Sei urteko lana izan da, baina nik ez neukan buruan ezelako libururik. Liburuarena gero etorri zen, azken bi urteotako kontua izan da.


“Boxeoan badago ikasgai oso-oso inportantea, bizitzarekin estu-estu lotuta dagoena, eta da jauzi eta altxatu egiten zarela etengabe”


Galdera hau erabilitako euskarriari buruz da. Liburuan argitaratzeko erabakiagatik. Uste al duzu euskarri hau egokiena zela argazki hauetarako? Bideoan edo erakusketa batean ere funtzionatuko lukeela uste duzu?

Lagun batek proposatu zidan performance bat egitea honekin, baina arazoa da ez dudala astirik, eta astirik banu, dedikatuko nuke argazki gehiago egiteko. Argazkilaritza maite dugun guztion arazoa da denborarena. Ez, ez dut uste egingo dudanik. Liburuan geratuko da dena, bideo txiki bat egin dut Tom Waitsen abesti batekin. Hasiera batean liburu txikiagoa ere egiteko asmoa neukan, nolabait etapa bati bukaera emateko, baina azkenean horrela atera da, Noctisi esker. Eta pozik nago emaitzarekin, jendearen eta beste argazkilarien harrera ona izan duelako, balio izan dit gauza berriak ikasteko eta hori da niretzat positiboena.


“Amets traza daukaten argazkiak gustatzen zaizkit, oso errealak ez diren irudiak, baina batzuetan errealitatea bera baino errealagoak direnak.”


Olerkia irudi bilakatzen saiatzeko hurrengo proiekturen bat baduzu buruan ala zure kazetaritza lanak betetzen du zure agenda?

Ideiak baditut, asmoak ere bai, baina auskalo zer gauzatuko den etorkizunean. Niri amets traza daukaten argazkiak gustatzen zaizkit, oso errealak ez diren irudiak, baina batzuetan errealitatea bera baino errealagoak direnak, eta horretara heldu nahi nuke, amets horiek erretratatuz, bizitza osoko ikasketa prozesua izango dela jakinik.

BOX, Iñaki Mendizabal. Noctis

www.noctisphoto.tk
https://www.youtube.com/watch?v=9p9ombarlZc

 

Relacionados