Scroll to top

Hitzak eta Argazkiak # 35 – Cristina García Rodero

CRISTINA GARCÍA RODERO

Agurtzane Elordui
Blackkamerako Ikastaro Aurreratua ikaslea

Herriko jaiek beti piztu dute niregan jakin-mina eta lilura. Garai bateko kultura eta sinesmenetan oinarritutako sinbologiak eta kontakizunek irauten dute herriko jai horietako askotan. Gure hiri-kultura eta sinesmenetatik erraz ulertzen ez diren ikurrak eta kontakizunak dira. Edozein maskarada, inauteri edo sanjuanetako erritualetako praktikak eta protagonistak, esaterako, erabat anakronikoak dira gaurko hiri kulturatik. Baina hor diraute, iraganarekiko jarraikortasuna bermatzen eta gure identitate sentimenduak indartzen. Areago, horiek desagertu ez, eta beste erritu espiritual berri asko sortu dira azken hamarkadetan. Hiri-mundutik horietako ugari, eta horiek ere sinbologia espiritual berriez ondo hornituta datoz.

Cristina Garcia Roderok jaietako erritual eta  sinbolo horien egungo esangura ulertzea  bilatu du bere obran, eta horrek hurbildu ninduen lehen aldian bere irudietara. Espainian han-hemen urtetan ateratako bere argazkiek festetan azaleratzen diren kultura-talkak irudikatu dituzte, jaietan etengabeak diren dualtasunak eta kontraesanak: katolikoa eta paganoa, naturala eta sobrenaturala, bizitza eta heriotza, plazera eta mina, zaharra eta berria. España oculta, Europa: fiestas y ritos eta  Lo Festivo y lo Sagrado bere liburuetan, esaterako, horren adibide bikainak aurkitu ditzakegu. Espainiatik kanpo ere, erritual horien zentzuaren bila joan da eta islatu du bere kontaketa Rituales en Haiti, Maria Lionza, La Diosa de los ojos de agua edo Holi Festival lanetan.

© Cristina García Rodero / Magnum Photos – España Oculta, 1985

© Cristina García Rodero / Magnum Photos – Rituales en Haiti , 2000

© Cristina García Rodero / Magnum Photos – Holi Festibala, India, 2007

Gizabanakoa interesatzen zaio Garcia Roderori. Egungo gizabanakoa osatzen dituen espiritualitate berrinterpretatuak eta sortu berriak, baita erlijio eta sinismen berrien performanceak ere. Batez ere horietan gorputzak eta erotismoak duten lekua aztertu ditu 2000tik hona, eta estasiaren adierazpen berriak aztertu nahiak eraman du Nevadako desertuko  Burning Man Festibala  edo Berlingo Love Parade ospakizunen irudiak egitera.

Burning Man Festibala. AEB, Nevada. Black Rock Hiria. 2002

© Cristina García Rodero / Magnum Photos – Burning Man Festibala. AEB, Nevada. Black Rock Hiria. 2002

Love Paradise, Berlin, 2004

© Cristina García Rodero / Magnum Photos – Love Paradise, Berlin, 2004

‘Herriko artea’ islatu nahi izan duela dio Garcia Roderok. ‘Artea’ hitza azpimarratzen du, agerian jarriz bere irudietan agertzen dituen pertsonei eta haien praktikei sor dien errespetua, eta sarritan miresmena. Azpimarratzen du jakituri popularraren balioa. Festa eta alaitasuna, ez dira gure egungo gizartean kultur gaitzat hartzen. Arrunkeriatzat hartzen dira, kultura baldartzat. Roderok estereotipo horiek hautsi nahi ditu bere lanean. Buelta eman dio gure hiri-kulturaren itxurakeriari, herri-kultura den guztia gutxiesten duen harropuzkeria horri.

Eta ‘benetako kultura’ ideiaren urratze hori iruditzen zait autore honengan benetan aipagarri. Ni behintzat bere lanean sakontzeko interesa izatera eraman ninduen horrek.

Magnum agentziaren historian laugarren emakumea da Cristina Garcia Rodero, Espainiako lehena eta bakarra. Eta bere emakume-begirada nabaria da bere argazkilaritzan. Ez soilik emozioei ematen dien garrantziagatik, baita emakumea bera gaitzat hartzen duelako. Bere azken lanak, 2016an argitaratuak, erakusten digu Indiako emakumeek bizi duten bizitzaren gordina, amen sabeletik zahartu arte emakumeak izategatik beragatik bizi behar duten umiliazioa eta krudeltasuna. Baina Roderok ez digu miseria horiek irudietan agertzen: emakume eder, lirain eta harro agertzen dizkigu. Andra horiei geratzen zaien barne harrotasun gutxia eta esperantza askoa, biak dira bere argazkien gai nagusiak:

Relacionados